
Gorbea, Anboto, Hiru Erregeen Mahaia eta Aizkorri dira aurten herritarrek bisitatu dituzten edo bisitatuko dituzten mendiak; datorren urtean ere erritmo berari eusteko asmoa erakutsi dute.
Herri txikia, mendien bizia
asier alkorta
Gailurrez gailur eta mendiz mendi, Amorotoko bizilagunak mendizaletasuna bultzatzen dihardute irteera batetik bestera. Makila eskuan hartu eta mendiko botak jantziaz, mendiko haize freskoa arnastu eta lagunarteko ibilaldi atseginak egiten ibili dira herritar batzuk.
Mendira joateko ohitura gutxi dagoen herri baten, mendizaletasuna sustatzea zen helburua. Ideia aspaldikoa da. Mendiko gidaria izateko ikasketak egin ostean, ikasitakoa praktikan ipini eta herritarrak mendiraino eroateko, Iñaki Agirrezabalagak Amorotoko Udalari mendi irteera batzuk antolatzeko laguntza eskatu zion. «Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako mendirik entzutetsuenetara irteerak egin nahi genituen: Hiru Erregeen Mahaia, Aizkorri, Anboto eta Gorbea», azaldu du Agirrezabalagak.
Horrela bada, herrian kartelak ipini eta jendea animatzen hasi zen. «Nik uste baino irteera arrakastatsuagoak izan dira. Bataz beste, hamabost bat lagun joan izan gara irteeretara, eta hori oso pozgarria da».
Batzarra egin eta Gorbeara
Irteerak egin aurretik, ostera, Agirrezabalagak txangoa zer nolakoa izango zen azaltzeko eta mendira eroan beharreko materiala zehazteko bilerak antolatu zituen. «Irteera osoko programa zehazten dugu guztion artean, eta behin dena lotuta egonda, txangoa egiteko prest egoten gara».
Gorbea izan zen amorotarren bisita jaso zuen lehenengo mendia. «Egun biko irteera izan zen. Bertan lo egin genuen, eta polita izan zen, ondo pasatu genuen», gogoratu du.
Hurrengo irteeran ere parte-hartzaileak ez ziren ez makal ibili. Eguraldiak lagundu ez bazien ere, lanbro artean mendiaren gailurrera ailegatzeko arazorik ez dutela erakutsi zuten denek. «Harrizko mendia denez, labankorra zegoen behegaina, eta soka ipin behar izan genuen, baina gailurrera ailegatu ginen». Irteera egun bakar batean egin zuen taldeak.
Joan den asteko plana
Aizkorrira joateko plana aldatuta eta egin beharreko bilerak egin ostean, joan den asteburuan, Hiru Erregeen Mahaiarantz abiatu ziren herritarrak. «Han ere bi eguneko txangoa egin genuen, eta ondo pasatu genuen».
Bide horretatik, orain, udako oporraldiak hartuko dituzte mendigoizaleek, eta udazkena heldu orduko, laugarren txangoa egingo dute: Aizkorrikoa. «Iraila amaitzear dagoenean joango gara, eta orduan ere ipiniko ditugu kartelak txangoa iragartzeko».
Lau irteera egiteko asmoagaz hasi baziren ere, mendigoizale berriak mendiko askatasunaren zaporea dastatu ostean, urterik urte mendiak igotzen eta ibilaldiak antolatzen jarraituko dute. «Orain lau irteera egingo baditugu ere, gero, urte osoan mendiko txango gehiago egin nahi ditugu».
Materiala eskuan eta gogoa zainetan daukatela, mendigoizale taldeak aurrera jarraituko du. Eguzkitan, lainopean edota euriagaz, herritarrek gogotsu jarraituko dute maldak igotzen. Herri txikia bada ere, Amorotok mendiko bizitasuna pizten jarraituko du asteburu batean eta bestean.
JAIA
Erdotzako Andra Mari Jaiak
MARKINA-XEMEIN, Erdotza auzoan - 2008-09-05
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-09-01
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.