
Musikarenganako zaletasunak bultzatuta, 1997an Paulillo Erdoziagaz, Xabi Navarro 'Jota'k Musikorta musika estudioa sortu zuen Amoroton; orain, bultzada berri bat eman nahi diote estudioari.
Musikaren sukaldean barrena
asier alkorta
Trikitia, gitarra, baxua, bateria eta bestelako instrumentu artean ibiltzen da Xabi Navarro Jota (Irun, 1963) bere eguneroko jardunean. Musika editatzeko mahaian jarri eta urteak joan eta urteak etorri, batean zein bestean, esperientziadun gizona egin da. Ametsari jarraituz, 1997an Etsaiak taldeko bateria Paulillo Erdoziagaz batera, Musikorta sortu zuen Jotak.
Musika teknikaria izateko ametsagaz, 1980an Azpeitiko kontzertu baten hasi zen Jota lehen aldiz teknikari lanetan. Soinuak neurtzeko eta kontrolatzeko aparatu guztien artean gustura ibiltzen zen hamazazpi urteko mutikoa. Bere zaletasuna bizibide bilakatzeko asmoagaz, 1986an Madrilerantz bidaiatu zuen irrati eta telebistako elektronika ikastera. «Betidanik gustatu izan zait botoi artean ibiltzea; musikaren sukaldaria naizela esaten dut».
Horrela, musikaren sukaldean sartuta, 1991an bere lehenengo estudioa sortu zuen Jotak. «Aurretik ere, Egin Irratian, teknikari eta esatari nenbilen lanean. Mundu honetan barneratuta nengoen dagoeneko».
Osagai ezberdinekin, era bateko zein besteko abestiak editatzen eta erregulatzen jarraitu zuen Jotak urte askoan. «Nire lana sukaldari baten lana bezalakoa da; osagai ezberdinak erabiliz, teknikari bakoitzak modu bateko zein besteko lanak osatzen ditu».
Teknikari lanetan zebilen bitartean, musikarenganako zaletasunak bultzatuta, rock talde bateko bateria-jotzailea ere izan zen Jota 1985 eta 1991 urte bitartean. «ZKY Garaialde izeneko taldean jotzen nuen, baina azkenean, onena musika editatzeko mahaian geratzea izango zela pentsatu nuen».
1994an Amorotora
Kafe Antzokiko teknikari ere bilakatu zen Jota; oraindik orain, lan horretan dihardu, eta askok ezagutzen dute bertatik.
Bide horretatik, 1994an Amorotora ailegatu, eta Erdoziagaz batera, bere etxe ondoko korta zaharra goitik behera berritu eta Musikorta sortu zuen. «Bakoitzak bere lanbidea bazuen ere, denbora librean berton ibiltzen ginen», azaldu du Jotak.
Bi urteko lana, egungo jana
Bi urteko lana egin ostean, 1998an lehenengo grabaketa saioagaz estreinatu zen Musikorta. «Etxe ondoko estudioan gustura lan egiten dut nik talde ezberdinekin».
Ordutik hona, talde asko pasatu dira Musikortatik. «Batzuk beste batzuk baino gehiago gustatu izan bazaizkit ere, maitasunez eta gustoz egindako musika bada, atsegina egiten zait».
Urteek eman dioten esperientzia talde berriei nola edo hala helaraziz, bere teknikari postutik apal bezain humil behar egiten du Jotak Amoroton. «Musikorta ere bere eskaintza zabaltzen joan da. Orain, audio zerbitzu integrala eskaintzen dugu eta denetarik egin dezakegu. Eskaintza osoa webgunean kontsultatu daitezke (www.musikorta.com)».
Taldeekin harremanetan jarri, eta musika grabatzeko estudioa haien eskura ipiniz, mendi puntako bakardadean isolatuta sormen lanak egiteko gune aproposa eskaintzen die Musikortak taldeei.
Lanerako antolakuntza
Lan egiteko ordua ailegatzen denean, ostera, ordutegi zehatz bat edukitzearen aldekoa dela azaldu du Jotak. «Goizez eta arratsaldez grabatzea gustatzen zait niri. Nahiago dut ordutegi bat zehaztu. Hala ere, sormena lantzeko, gaueko orduak hobeak direla esaten dute aditu batzuek».
Baina talde gehienak etxeko lanak ondo eginda etortzen direnez, zuzenean grabatzen hasten direla argitu du teknikariak. «Berton lo egiteko aukera dute taldekoek, eta horrek lan egiterakoan lasaitasuna ematen du».
Urteen poderioz, diskoen produkzioan ere berrikuntza asko egon direla azaldu du Jotak. Horrela, diskoen ekoizpen osoa menderatuta, disko gehienak gezurrak direla aitortzen du teknikariak. «Estudioan konponketa asko egin daitezke, baina gero, errealitatean, ezinezkoak dira soinu horiek ateratzea. Nik trikimailu gehiegi ez erabiltzeko gomendioa egiten diet».
Musikaren soinu naturalagaz maiteminduta, Jotak, Erdoziagaz batera, Musikorta bultzatzen eta indartzen jarraituko du. «Orain bultzada berri bat eman nahi diogu estudioari, eta ateak zabal zabalik ditugu taldeak hartzeko eta beraiekin lan egiteko». Bien bitartean, estudioko sukaldeak aurrera jarraituko du, errezetarik onenagaz, musikarik onenak sortzen.
############
Gaur egun, Musikortak audio zerbitzu integrala eskaintzen die musika talde ezberdinei
Urteetan bildutako esperientzia taldeko gazteei helarazten saiatzen da Jota
############
JAIA
Erdotzako Andra Mari Jaiak
MARKINA-XEMEIN, Erdotza auzoan - 2008-09-05
ANTZERKIA
Jardunaldiak
MUTRIKU, Anaiarte Biltokian - 2008-09-05
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.