Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Amoroto
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-07-09;Mozorroak itzali ditu jaietako garrak. Sanmartinak Mozorro lehiaketak gero eta jende gehiago ekartzen du herrira; aurten, lau taldek parte hartu dute txapelketan.

Mozorroak itzali ditu jaietako garrak

Sanmartinak Mozorro lehiaketak gero eta jende gehiago ekartzen du herrira; aurten, lau taldek parte hartu dute txapelketan.

asier alkorta

Lau talde eta lau ikuskizun. Amorotoko San Martin Jaietako mozorro lehiaketak, beste behin ere, herriko jai giroa piztu, bizitu eta luzatu egin zuen herenegun arratsaldean. Goi-goitik ospatutako jaiagaz, sanmartinak datorren urtera arte agurtu dituzte herritarrek.

Herritarrez bete-bete egindako plazan, jaietako azken egunean, mozorro lehiaketak arrakasta itzela eduki du aurten ere. Amorotoko Superzirkua, Pinpinela anaiak, Amorotoko Txontxongiloak eta Meza Santua izan ziren aurten mozorro lehiaketara aurkeztu ziren lau taldeak. Ondo baino hobeto mozorrotuta, lehiaketa 18:15ean hasi zen. Ordurako, plazan ez zegoen lekurik. Ikuskizunak egiteko esparrua ondo finkatuta zegoen, eta gainerako bazterrak jendez beteta. Urterik urte, lehiaketa horrek gero eta oihartzun handiagoa du inguruko herrietan ere; herenegun, asko izan ziren Amorotoraino joan zirenak.

Ikuskizunaren hasiera

Lehenik, Amorotoko Superzirkua-ren txanda izan zen. Pailazoak, patinatzaileak, fakirrak, gizon indartsuak, animalia arriskutsuak eta palomita saltzaileak. Denetarik zegoen lehen taldean.

Pinpinelaren momentua ailegatu zenean ere, plazan bildutakoak algaraka ibili ziren. Porruek balkoitik hegan egiten zuten bitartean, Pinpinela anaiek betiko maitasun kontuak antzeztu zituzten.

Hirugarrenak txontxongiloak izan ziren. Mugimendu ikusgarriekin, plaza guztia txundituta utzi zuten herriko gazteek.

Hori bai, Meza Santua-ren ordua ailegatu zenean, herritarrek ezin izan zioten barreari eutsi. Herriko elizkizunen parodia eginaz, den-denek ondo baino hobeto pasatu zuten plazako eliza inprobisatuan.

Horrela, lehenengo saria Meza Santuarentzat izan zen; bigarrena txontxongiloentzat eta hirugarrena, Pinpinelak eta zirkoak jaso zuten. Inor ez zen sari barik geratu.

Jaietako azken egunean, mozorroak soinean eta bertsolariak aurrean, azken poteoa egin zuten plazan bildutakoek. Goizaldeko ordu txikiak heldu arte Amorotok jaietako garra ez zuen itzali.

Orain, jaiak pasatu eta gero, eguneroko lasaitasuna da nagusi mendi tontorrean. Baina herritarrak argi utzi dute, berriro jaiaren txanda heltzen denean, barruan daramaten sugarra piztu, eta elkarlana bultzatuz, jai koloretsuak errepikatuko dituztela.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.