Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Amoroto
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-07-06;Sanmartinen azken txanpa.

Eguneko giroa parekatuz, gauean jai giroa nagusitu da San Martin Jaietan; Sorkun & Vicepresidentes, Kerobia eta Latzen ikusten 530 bat lagun batu dira herriko frontoian.

Sanmartinen azken txanpa

Asier Alkorta

Eguzkiak ematen duen beroari aurre eginez, Amorotoko umeak bizi-bizi ibili ziren herenegun arratsaldean baserri jolasetan. Eskorga eskuan hartuta, Amorotoko bizilagun gazteenak alde batetik bestera ibili ziren plazan egin ziren baserri jolasetan.

Kulki taldearen eskutik, herritarrak baserri baten ikus daitezkeen gauza ezberdinekin zelan jolas daitekeen ikasi zuten. Hankapaloetan eta lastoa altxatzen ibili ziren ume gehienak, baina denetariko jolasak zeuden plaza osoan banatuta. Sanferminak bertora ekarriaz, egurrezko zezen gorri bat ere bazegoen plazako bazter baten. Ordu bi baino gehiagoz egon ziren jolasak martxan. Gero, indarrak hartzeko, txokolatada egin zuten. Jan-edanean, umeak sabela bete eta arnasa sakon hartzeko aukera eduki zuten. Bien bitartean, nagusiek gauerako dena prestatzen jarraitu zuten.

Izan ere, gauean, kontzertu indartsuak egon ziren frontoian: Sorkun & Vicepresidentes, Kerobia eta Latzen. Musika hotsei jarraituz, frontoiraino 530 bat lagun ailegatu ziren. Kerobia izan zen lehenengoa taula gainera igotzen. Giroa oraindik hotz bazegoen ere, Sorkun & Vicepresidentes oholtzara igoaz batera tenperatura igotzen hasi zen. Azkenik, Latzenek jo zuen. Bertan bildutakoek ondo baino hobeto pasatu zuten talde bategaz zein besteagaz.

Hirugarren adinekoen txanda

Kontzertuak amaitu zirenean jendea plazara joan zen; Akerbeltzen erromeriagaz, plaza bete jendek gaueko ordu txikiei aurre egin zien.

Atzo, batzuk biharamunagaz egon arren, jaiak aurrera jarraitu zuen. Hirugarren adinekoen txanda izan zen. 12:00etan meza entzun eta gero, kultur etxean bazkaldu zuten 50 bat lagunek. Ondoren, Josu eta Nerea trikitilariekin, bazkaloste atsegina eduki zuten bertaratutakoek.

Gauean, ostera ere, kontzertuen txanda izan zen: Zaunka eta Sarkor lehenengo eta Drindotsen erromeria gero.

Jaietako azken txanpan, herritarrak gogor dabiltza.

############

inkesta

1. Zer da Amorotoko jaietatik gehien gustatzen zaizuna? 2. Eta zer gutxien?

«Jaiak amaitu eta geroko zikinkeria da txarrena»

Irune Agirre

Herritarra

1. Jai hauetatik dena gustatzen zait, ezin dut gauza bakar bat aukeratu. Musika, umeentzako ekintzak... dena dago ondo.

2. Gutxien gustatzen zaidana, ostera, jaiak pasatu ostean geratzen den zikinkeria guztia da, hori dena garbitu egin behar izaten dugu, eta hori da txarrena.

«Amorotoko jaiek gazteei esker dute duten indarra»

Jon Jaio

herritarra

1. Jai hauetako giro ona gustatzen zait, baina denaren gainetik gazteek egiten duten lan gogorra da gehien baloratzen dudana. Jai hauen indarra gazteek egiten duten esfortzuaren fruitua izaten da, eta haiei asko zor diegu.

2. Jaien amaiera izaten da txarrena, dudarik barik.

«Bertoko kontzertuak gustatzen zaizkit gehien»

Ziortza Ikaran

Herritarra

1. Niri gehien kontzertuak gustatzen zaizkit, oso indartsuak izaten dira, eta jaiaren giroari eusten diote.

2. Gutxien goizak gustatzen zaizkit. Parranda egin eta gero eguna argitzen hastea izaten da txarrena. Horrek parrandaren amaiera irudikatzen du eta.

############

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.