
Tortilla txapelketan bost tortilla aurkeztu dituzte aurten; Ibai Gojenola, Arkaitz Madarieta eta Egoitz Lertxundi izan dira lehen saria eskuratu eta sukaldariaren txapela jantzi dutenak.
Patata tortilla jaiko erregina
asier alkorta
Hori-horiak eta borobil-borobilak. Horrelako tortillak ikusi ahal izan ziren atzo Amorotoko San Martin Jaietako Tortilla Txapelketan. Herenegun Salbeagaz hasi eta atzo pandero hotsekin jarraituz, sanmartinek aurrera jarraitzen dute.
Herenegun bolanderak bota eta gero Salbea kantatu ondoren, atzo, San Martin Egunez, tortilla txapelketaren eta umeen pandero erakustaldiaren txanda izan zen.
12:00ak puntuan meza nagusia hasi zen, eta meza amaieran, betiko moduan, Amorotoko ereserkia abestu zuten herritar guztiek. Herriko plaza jendez beteta zegoen, eta trikitiagaz batera, egun animatua espero zuten herritarrek.
Udako eguzki gogorraren azpian, bizilagun batzuek poteoa egiten zuten bitartean, besteak ¬gazteak¬ tortilla lehiaketarako jaki goxoa prestatzen zebiltzan. Haizeak tregoa egiten zuenean, zartaginaren berotasunak plazako tenperatura igotzea lortzen zuen, eta bero horri aurre egiteko, txosnako edo tabernako gerizpean tragotxo bat hartzea bururatu zitzaien askori.
Pandero jole gazteen erakustaldia
Bat-batean, 13:00ak aldera, hamalau pandero jole agertu ziren herriko plazan. Zelan ez, umeen pandero erakustaldia ezin zen falta atzoko egunez. Urte osoan ikasitako kantu ezagunak joz, plazan bildutakoak txaloka eta dantzan ipini zituzten herriko pandero jole gazteenek.
Ordu erdi inguru iraun zuen erakustaldiak, eta ondoren, tortillen ordua izan zen. Guztira, bost tortilla aurkeztu zituzten txapelketara, eta gorabehera batzuen ostean, bostak epaimahaiaren aurrera osorik ailegatu ziren.
Piper berdeagaz, gorriagaz eta kipulagaz egin zuten batzuek; beste batzuek, ostera, ezer barik egin zuten. Batak besteak baino itxura hobea zeukan. Tamaina ezberdina bazeukaten ere, epaimahaiak probatzeko beste tortilla, behintzat, bazegoen...
Epaimahaiaren erabakia
Epaimahaia herriko hiru tortillazalek osatu zuten, eta hamabost minutu tortillak probatzen ibili eta gero, azkenean hiru saridunek prestatutakoak seinalatu zituzten.
Ibai Gojenola, Arkaitz Madarieta eta Egoitz Lertxundi izan ziren lehen postua lortu zutenak. Sukaldarien txapela soinean eta txakolin botilak eskuetan, pozarren agertu ziren hirurak herritar guztien aurrean.
Bigarren saria eskuratu zutenak amantal bana jaso zuten, eta hirugarrenak, zartaginak.
Goiz osoan jaian murgilduta egon eta gero, herritarrek bazkaltzeko tarte bat egin zuten. Indarrak batu eta haize freskoa hartu ostean, arratsaldean, kalera atera ziren herritarrak. Jan-edana, musika eta giro ona edukita, guztiak ere pozarren dabiltza.
JAIA
Erdotzako Andra Mari Jaiak
MARKINA-XEMEIN, Erdotza auzoan - 2008-09-05
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.